XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lautrecek bazekien, jakin behar zuen, noski, piktorikoki, zer egiten ari zen.

Eta bazekien, noski, margoaren dekoroa, ahalkea apurtzen ari bazen, bere bidea ez zela sekula izango markesen edo burgesen erretratuak egitea, inork ez ziola txalorik egingo, zirkulu ofizial eta akademiakoetako inork ez, bederen.

Oso erraz ulertzen den arrazoi batengatik: burgesek eta markesek apurtu egingo zituzketelako bere erretratuak, ez zituzketelako onartuko, ez zuketelako bere hizkera piktorikoa onartuko.

Anne Roquebert bezalako aditu batek ere horixe aitortzen du: Lautrecen oso erretratu gutxi dira enkargu baten ondorio.

Gehiago, aditu honek berak jakinarazten du bere bizitzako azken urteetan aristokraziako partaideei erretratuak egitera bideratu nahi izan zutela, baina alferrik: esperimentua ez zen aurrera atera.

Eta Lautrecek bazekien noski, bere hizkera piktorikorik gabe bera, artista bezala, ez zela deus.

Irtenbidea: putak, kantariak, mozkorrak, langileak...

Izenik gabeko jendea, kexuka hasiko ez zitzaiona, nahikoa lan bazeukana eguneroko bizimoduaren ausikiari aurre egiten, bere ohoreaz kezkatzen ibili gabe.

Dekoroaren asuntoarekin apur bat exajeratzen ari zela iruditzen zitzaidala esatera ausartu nintzen.

Baina egia zen interesgarria iruditzen zitzaidala esaten zuena.

Gogoeta oso pertsonala zela bi gauzatan nabari zen; lehena, ohiko kritika-bideetatik urrun bazebilela, eta bigarrena, sutsu defendatzen zituela bere ikuspuntuak.

Margoten fisionomia, egiazkoa, benetan ikusten ari nintzela iruditu zitzaidan.

Dekoroaren gaiari egin nion objekzioaren arrapostua luze gabe iritsi zen.

- Dekoroarena norainokoa zen uler dezazun beste anekdota bat kontatuko dizut.

Zidlerrek, Moulin Rougeko jabeak, tokia utzi zion Lautreci lanen bat eskegitzeko.

Areto hartan eskegi zuen Lautrecek La Gouloue entrant au Moulin Rouge.

Bertan La Goulue ikusten da, beste bi emakumezkorekin besotik helduta.

Horietako bat bere ahizpa da, Jeanne Weber.

Honi begi-bazterra, mototsa eta sorbalda baino ez zaizkio ikusten.

Baldarra eta potoloa zelarik, huraxe nahikoa gainerako demoiselleak algaraka has zitezen koadroa ikusita.

La Gouluek protesta egin zuen Zidlerren aurrean, eta honek Lautreci koadroa kenarazi.

Hortik atera kontuak: pixka bat gora egindako hirugarren mailako kantariak ahalmena bazuen, dekoroaren ideia hau dela-eta, (...)